2014/01/16

Elkarrizketa oso interesgarria

Hemen osorik Xamarri egindako elkarrizketa: http://www.argia.com/argia-astekaria/2399/xamar
Hemen bi erantzun interesgarri:

Zer dago irauteko grina horren muinean?
Gure autodefinizioa mintzoan oinarriturik, gu izateko nahiak behar zen kemena eman digu komunitate gisa gaur arte irauteko, makal eta eri nahi baduzu, baina bizirik. Gure kasuan, estatu ezberdinetan zatituta egon arren, komunitatearen baitako loturari eutsi diogu. Gure herrian, Garraldan, gure zaharrek deus guti erraten ziguten Iruñeari buruz. Donibane Garazi zen heien hiriburua, gure etxeko izebak Donibanera jo zuen emigratu zuelarik. Printzipioz, elkarrekin zer ikusirik ez zuten bi estatu ziren, gure zaharrek ez zuten euskal kontzientzia agerikorik, baina senak komunitate bati lotzen zituen. Hizkuntza bizirik badago, sen horrek irauten du gaur egun ere, baina mugak eraitsi badituzte mugen beharrik ez dutelako da. Hizkuntzaren galtzeak dakar zinezko muga, mugazainik eta errepideko kontrolik gabe inposatzen dena.   

Frantsesa eta gaztelania inposatuak direla ahanzten dugu sarri. 
Eta nola! Legeak ez ditu berdin eta demokratikoki tratatzen bi hizkuntzak. Beti dago baten aldeko politika. Erraterako, espainolez ikasteko klaseak dohainik ditu etorkinak, baina euskaraz trebatu nahi duen bertakoari dirua eta ordu libreak eskatuko zaizkio. Erdaretan dena da haize-alde, euskaraz dena zailtasun eta oztopo. Horixe jakobinismo frantses eta espainolaren berezko ezaugarrietako bat. Ederki dakite hizkuntza identitatea dela, eta hizkuntza galtzen den tokietan identitatea galtzen dela. Hori hala, askoz errazagoa da artaldea gobernatzea. Ez zuen alferrik erran frantses jakintsu batek bere hizkuntza galtzen ez zuen herri menperatua oraindik bazela. 

"Euskara jendea" irakurtzea merezi duen liburua eta ikustea merezi duen dokumentala.

No hay comentarios: